Skip to main content

2023/10/16

Euskara erabiliaz ikasten da

 

Gu euskaldunak gara, Euskal Herrian bizi gara eta gure hizkuntza EUSKARA da. Helduak hizkuntzaren iturri nagusia gara, batez ere, etxean euskara ez dutenentzat. Gure hizkuntzan esaten duguna, haur guztiek ulertzen dutela bermatu behar dugu: keinuekin, irudiekin, hitzekin, errepikapenak erabiliaz, galderak eginez.… Hizkuntza erabiliaz ikasten da, erabiliaz garatzen da eta horregatik egunero horretan dihardugu.

Helduen ahotsa eta hitz egiteko modua funtsezkoak dira haur bakoitzaren komunikatzeko eta entzuteko gogoa pizteko, motibatzeko eta zabaltzeko.

Guk ezin dugu elkarrizketa eduki eta hitz egin komunikatzen ez bagara, partekatzen ez badugu, emozionalki ondo sentitzen ez bagara, lotzen ez bagara. Ezinezkoa da haur batek hitz egitea gauza hauek guztiak gertatzen ez badira.

Berdin gertatzen da entzutearekin, haurrek ezin dute entzun komunikatzen ez badira, partekatzen ez badute, emozionalki ondo sentitzen ez badira eta lotzen ez badira. 

 

NOLA HEDATUKO DUGU ELKARRIZKETA? NOLA EGITEN DA ELKARRIZKETA?

 

Elkarrizketa txandak dira, orain niri dagokit, orain zuri dagokizu. Hor egon behar da eta itxaron egin behar da, nik maite zaitut, nik itxarongo zaitut. Hemen zurekin egotea gustatzen zait eta isilik egoten naiz, nahi duzunean zure txanda har dezazun.

Jarrera bideratzaileak eta elkarrizketa oztopatzen duten jarrerak daude.

Hizkuntza oztopatzeko jarrerak:

1.- Haurraren denbora inbaditzea, haren ordez hitz eginez, erantzunaren zain egon gabe, keinu bakoitzari hitzak jarriz eta beti esango duena aurreratuz. Denbora eman behar zaie, ez da haien ordez hitz egin behar.

2.- Hiperestimulazioa, une honetan, haur hiperestimulatuak ditugu, gauza guztiak egiten dituzten haurrak, eskolaz kanpoko jarduerez betetako haurrak.

3.- Interakzio kopurua murriztu behar da, ez da beharrezkoa uneoro gure haurrekin elkarreraginean aritzea.

4.- Ez da galderaz bete behar, ez galdera irekiez, ez itxiz, ez handiz ez txikiz. Galderak komunikazioaren etsai handiak dira, haur eta nerabeengan, galderak elkarrizketaren oztopo garrantzitsuak dira.

5.-Txupetea eta biberoia: bizitzako lehen bi urteetan, haurraren errealitatea ahoaren inguruan eraikitzen da, aurrean duena ahora eramaten du, jaten ikasten du, txupetea erabiliz zurrupatzeko beharra asetzen du... Baina behar hori, hazkundearekin batera, desagertuz doa. Horregatik, pixkanaka-pixkanaka erabilera murriztu behar da. 2 urtetik aurrera kalteak eragin ditzake (ahozko malformazioak, ahoskatzeko arazoak). 

6.-Bi urtetik aurrera, denbora luzez, purea eta jaki likidoak soilik hartzeak murtxikatzeko funtzioa atzeratzen du. Murtxikatzerakoan eta hitz egiterakoan egiten ditugun mugimenduak berdinak dira eta honek eragin dezake artikulazio desegokia erabiltzea hitz egiterakoan.  

Hizkuntza errazteko jarrerak:

1.- Haurraren edozein adierazpen jasotzea, hark esan nahi digun edozein adierazpen. Erakutsi behar zaio, halaber, egin digun adierazpen adierazkor hori jaso dugula eta esanahi bat emango diogula.

2.- Ume batek gaizki hitz egiten duenean, berak esan diguna erantzun behar da, beti ondo jarrita, beti ondo eraikita.

3.- Denbora eman behar zaio, entzuteko jarrera nabarmenarekin, eta berriz txanda hartzera gonbidatuz. Bere txanda hartzera gonbidatzea isiltasuna eskaintzea da, doan itxarotea da, presarik gabe.

4.-Ahotsa afektiboki transmititzeko zuzeneko bidea da; ahotsaren eta hitzaren arteko disoziazioa badago, ahotsak irabazten du beti. Arauak ezartzen dituen ahotsak, mugak jartzen dituen ahotsak, ahots horrek hor egon behar du, mugak jarri behar dira, ezetz esan behar da, baina ahots horrek ezin du inoiz maitasun transmisioa galdu, inoiz ez. Ezetz esaten dizut maite zaitudalako, hozka egiten baduzu ez zaizu ondo joango bizitzan, eta ez dut nahi hozka egitea maite zaitudalako, ez haserretu naitekeelako, baizik eta esaten dizut ez hozka egiteko zuregatik. Ahotsak haur bat ukitzen du, ez bakarrik belarriarekin, baizik eta gorputz osoan eta emozio osoan, ahotsa besarkada bat baita distantzian.

5.-Komenigarria da zintz egiten erakustea belarriak ez isteko (entzuten duena ez bada garbia, hitz egiten duena ere ez da garbia izango), eta mukiak bakarrik kentzeko aukera eman behar zaie paper zati bat emanez.

6.-Sudurretik hitz egiteak ikaskuntza arazoak ekar ditzazke, egoera hau antzematean espezialistarengana eramatea gomendatzen da.

7.-Gauetan zurrunga egin dezake edota kontzentratuta dagoenean maiz ahoa irekita eduki dezake. Hauek sudurra mukiz beteta izatearen ondorioak dira.     

 

NOLA LANTZEN DUGU AHOZKOTASUNA? 

 

-Emozio bidez: esamolde, esku-jolas, abesti, hiztegi eta olerkiak.

-Errutinetan: errepikapenaren baitan ikasten diren hizkuntza formak. Egunero errepikatzen diren esaldiak.

-Argitxoren laguntzaz: gutun, bisita eta bere magiaren bidez.

-Eguna idatziz (kontzientzia fonologikoa landuz): sehaskako egutegian eguneko izena idatziz, berdin hasten diren hitzak jarriaz, silabak txalotuaz, hitz luzeena/laburrena identifikatuz, etorri ez diren ikasleen izenak izendatuaz…

-Ipuinen bidez: Mundua azaltzeko eta ulertzeko erabiltzen ditugu, baita sentimenduak interpretatzeko, esperientziak azaltzeko eta gizartea kritikatzeko ere. Haurraren garapen-prozesuan, aukeraz beteriko “kutxa” da ipuina; izan ere, irudimena eta fantasia garatzeko, eta gozamena eta sentikortasuna sendotzeko, aberasteko eta indartzeko aukera ematen dio haurrari. Ipuinen bidez, errealitatearen eta ametsen arteko oreka lortu eta bere munduari aurre egiten dio haurrak. Beraz, haurtzaroan ipuinak guztiz funtsezkoak dira, eta garrantzi handia dute bai garapen linguistikoari begira, bai garapen afektibo-emozionalari begira ere.

 

Aipatutakoaren praktika ikus dezazuen hemen argazkiak

 

Portadako irudia
Irudia
HH komu

Azken albisteak

2024-04-25
UZTURPEGUNA 2024 Zirkua oinarri hartuta, maiatzaren 11, zoragarri bat igarotzeko egitarau oso bat prestatu dugu ikastolatik. Jaialdia, ikuskizunak, bazkaria, dantzaldia... luze bat. 
2024-04-18
  HAUR HEZKUNTZATIK AUTONOMIA LANTZEN “Benetan lagundu nahi banauzu… ez egin nire bidea: utzi nirea egiten,
2024-04-18
LUDOPATIA: INFORMATU ETA ERABAKI Ikasle autonomoak sortzeko gure ahaleginean, nerabeen bizitzan garrantsitsuak izan daitezkeen gaiak jorratzen diardugu.
2024-04-18
Ikastolako kanpo espazioan joan den otsailean erori zen horma zatiaren ondorioz, konponketa lanak hasi ziren aste santuetako oporraldi garaian. Udalak, gertaturikoa eta hormaren egoera teknikari ezberdinekin aztertu ondoren…